Itsas haizearen ahotsak dira Elkanoren arima ezezaguna dakartenak. Itsas haizearen ahots tranpatiak. Kontatu dizkigute marinel getariarraren balentriak. Aditu dugu munduari itzulia eman zioneko odisearen bertsio heroikoa. Irakurri ditugu testuinguru okerrean edota zuzen antzean kokatutako Elkanoren profil askotarikoak: nabigatzailea, iruzurgilea, itsaslaminei euskaraz mintzo zitzaien arrantzalea, koroaren aldeko gerlari odolzalea, maitale eskuzabala, bortxatzaile koldarra, eskifaiarekiko fidela, goi kargodunarekiko traidorea, Espainiako enperadoreari leiala, berpizkundeko ilustratua, elizkoia, deabruarekin ezkutuko ituna sinatu zuen kristaua, gizonkeriak garaitu zuen gizona, gizatasunaz hezia izan zen semea… merkea izan daiteke memoriari etiketak jartzea. Halabeharrez, itzulera gabeko bidaia guztietan beti gelditzen da zerbait ahaztua. Norbait zain. Mutu. Historiak isilarazia. Zure esku dago abentura. Hemen ez zaizu historiaren irakurketa berririk azalduko. Edo agian bai. Gune honetan ez duzu Joan Sebastian Elkanok bizi izan zuen garaiaren egiarik edo gezurrik aurkituko. Edo agian bai. Hemen, gehienez, zure burua apur bat gehiago ezagutuko duzu. Edo agian ez. Eta zalantza egitea ez da gutxi.
Opiniones
Sin opiniones